2014 - otsaila: Gainbehera dator dena, Chinua Achebe

Irakurketa klubean aukeratutako liburuei buruzko eztabaidak, eritziak, iruzkinak...

Moderadorea: ibon

Erabiltzaile-irudia
ibon
Mezuak: 68
Izena emanda: Ira 29th, '09, 05:00

2014 - otsaila: Gainbehera dator dena, Chinua Achebe

MezuaNork ibon » Ots 5th, '14, 19:38

Irudia

Otsailerako aukeratutako liburua (ez noa 'dugun' ipintzen, azkenengo bileran aukeratzea ahaztu egin zitzaigun eta): Gainbehera dator dena, Chinua Achebek idatzia eta Alberto Martinez de la Cuadrak euskarara ekarria (liburutegiko katalogoan)

Azaleko laburpena:

Gizon indartsu eta borrokalari saiatua da Okonkwo, bere usteetan sendo eta kopeta gora dabilena, Umuofiako herrixkako gizonik errespetatuenetakoa, Umofiako bizimodua aldatzera doa, ordea: gizon zuria heldu da, predikatzailea, ohitura xelebre eta sinesmen barregarriak dakartzana; bitxikeria gisa onartu dute beren artean, kontra egitea ere ez baita komeni, atzetik indar itzelak dauzkanez gero. Baina gizon zuriak bertako batzuk ere bilduko ditu beregana, eta arrakalak sortuko ditu betidaniko balio-sisteman. Okonkwo egonezinik dago, ez du ulertzen ez onartzen gertatzen ari dena, eta zerbait egin beharra nabaritzen du.

Afrikako literaturaren abiaburu eta maisulana da Acheberen Gainbehera dator dena, kontinente oso baten erreferentzia bihurtzeaz gainera mundu osoari kolonialismoaren mekanismo eta ondorio zitalak ulertzen laguntzen digun eleberri bikaina.


Zelan doa irakurketa? Amaitu al duzue? Zer iruditzen zaizue? Hala, itaun partida. Bileran erantzuteko aukera izango dugu (gogoratu, otsailaren 19an liburutegiko hemerotekan).

Apunte soil bezala, neuri gertatu zaidan tontokeria bat baina agian zuotako batan bati ere bururatu zaiona. Konturatu al zarete, liburuan azaltzen den ekintzaren data gizon zuriaren tramankuluetatik letorkeela emana? (eskopetak eta bizikletak, batik bat) Hau da, euren munduan arrotz diren osagaiak sartuko ez balira ezingo genukeela jakin gertakizunak hemeretzi, hogei edo hamabostgarren mendean jaso izan diren? ummm...

Erabiltzaile-irudia
ibon
Mezuak: 68
Izena emanda: Ira 29th, '09, 05:00

Re: 2014 - otsaila: Gainbehera dator dena, Chinua Achebe

MezuaNork ibon » Ots 17th, '14, 17:26

Liburuaren izenburua (eta hasierako epigrafea) W. B. Yeats poeta irlandarraren poema ospetsu batetik dator emana (Bigarren etorrera edo "The Second Coming").

Hona hemen Andolin Eguskitzak egin zuen euskarazko bertsioa:

Bira eta biraka zabalduz doan biraketan
Aztoreak ezin entzun dezake ehiztaria;
Gauzak anabasitzen dira; erdiguneak ezin dio eutsi;
anarkia hutsa askatu egiten da munduaren gainean,
Odolez ilunduriko itsaskera askatzen da, eta toki guztietan
Lañotasunaren zirimonia itoa izaten da;
Onenek ez dute inongo uste sendorik, txarrenak
Intentsitate pasionatuz beterik dauden bitartean.


Hain segur agerkunderen bat dago eskura;
Hain segur Bigarren Etorrera dago eskura.
Bigarren Etorrera! Ozta daude berba hauek kanpoan
Spiritus Mundi-ren irudi eskerga batek
Nahastatzen didanean ikusmena: nonbait eremuaren hareatan
Lehoi gorputzeko forma bat eta burua gizon batena,
Eguzkia bezain huts eta errukirik gabea den begiradarekin,
Astiro higitzen ari da bere iztarrak, guztiorren gainean
Eremuko hegazti duineztanen itzalek biribilkatzen diren bitartean.
Iluntasuna ostera ere nagusitzen da; baina orain badakit
Lo sendoko hogei gizaldiak
Eldarnio bihurtu zituena sehaska kulunkari batek,
Eta zein piztia latza, beraren ordua azkenez iritsirik,
Beheratuz doa Bethlemenera jaioa izateko?

(Mazantini aldizkariaren 4. alean. Jatorrizkoa, aurreko loturaren gunearen behealdean edo Wikisourcen irakurtzeko aukera duzue)

Yeatsek 1920. urtean argitara emana, hau da, I. Mungu Gerraren odoluste ikaragarriaren ostean, poema honek oraindik etortzear zegoen beste indarkeri eta bortizkeri aro bate iragarpen antzeko bat bihurtu zen. Aurretik ezagutzen zen guztia galduta zegoela aditzera ematen zuen bitartean, Chinua Achebek, poema osoa bereganatzen du Mendebaldeko zibilizazioa, kolonizazio aurreko Nigeriarrarekin ordezkatuz. Deigarria nola kontzeptu guztiz kontrajarriak parekatu daitezken, ezta? Zilegi deritzozue prozesu hori aurkezteko 'menperatzaileen' hizkuntzara jotzea? Zein litzateke horren esanahia edo ondorioa?

Erabiltzaile-irudia
ibon
Mezuak: 68
Izena emanda: Ira 29th, '09, 05:00

Re: 2014 - otsaila: Gainbehera dator dena, Chinua Achebe

MezuaNork ibon » Ots 23rd, '14, 12:09

Deigarria liburuaren hasieran agertzen diren hiztegitxoa eta izenen azalpenak. Eta egia esan, beharrezkoak egiten dira, egileak hainbat hitz erabiltzen baititu bere jatorrizko izenekin eleberrian zehar. Zergatik uste duzue horrela jokatu duela? Nori zuzenduta idatzi duela iruditzen zaizue?

Antza denez, Achebe ez zegoen bat ere konforme ordura arte Afrika eta bere biztanleez emandako irudiaz (Bide batez, irakurri al duzue, Joseph Conraden Ilunbeen bihotzean? Zuzenean irakurtzeko aukera Armiarma gunean eta paperean, liburutegiko katalogoan) lurralde ilun eta sineskeriaz beteta bezala irudikatzen zutelako. Lortu al du egileak indarrean zegoen irudipen kolektibo horri aurre egitea? Ze izenburu du azken kapituluko komisarioak idazten duen liburuak? Zerikusirik duela uste al duzue? Bestetik, nolako tonua erabiltzen du Achebek eleberrian zehar, nabaritzen al duzue Umuofianganako hoztasunik (edo alderdikeriarik)?

Okonwori, istoriako pertsonaia nagusiari, buruz ere hitz egin genuen bileran. Bere aitaren modukoa izatearen beldurrak menderatutako pertsona dugu. Gurasoenganako beldur/gorroto hau kultura zehatz baten ezaugarria edo unibertsala izan litekeela uste al duzue? Pertsonaiaren amaiera patuagatik emana al dator (liburuan 'chi' bezala ezagutzen dena) hala hartutako erabakien ondorioa baino ez dela esango zenukete? Bestetik, gurasoenganako (eta ahaidenganako) erlazio honi buruz, Uchenduk (amaren klaneko nagusienak) adierazten duenez, zaharrek gazteago direnak baino gehiago zekiten eta horrela izan behar zuela ez bazuten anabasa gailentzerik. Konforme al zaudete esandakoarekin? Zein neurrira arte? Zer eragin izango du pentsamolde honek bere seme Nwoyerengan?

Bileran gehien eztabaidatutako puntu bat, Umuofia gizartean emandako genero banaketa izan zen. Dena zegoen zatituta emakume/gizonezko eginkizunen artean (baita solo-kontuetan non erein beharrekoak ezberdintzen ziren, zein delituen banatzean ere, delitu eme eta delitu arrak baitzeuden) eta honen arrazoiari buruz eztabaidatu genuen. Zeintzuk izan daitezke ezaugarri maskulinoak eta femeninoak? Zeintzuk balioesten ziren? Ba al dira pertsonaiarik genero batekoa izanik bestearen ezaugarririk dutenik? Zergatik uste duzue jokatu duela egileak horrela?

Irakurle batek, erlijio berriari lotu zitzaienen profilari buruzko gogoeta azaleratu zuen baita ere. Umuofia gizartean ordura arte atzetutakoak zirela kristautasunera hurbildu zirenak adierazi zigun (gaixoak, bikiak, titulurik lortzeko aukerarik ez zutenak) Ba al du horrek zerikusirik Obierikak (Okonkworen lagunik minena) egoeraren bilakaerari buruz ematen duen iritziarekin (198. or.)?

Bileran erabilitako gidoi antzekoa, hemen eskuragarri.

Erabiltzaile-irudia
ibon
Mezuak: 68
Izena emanda: Ira 29th, '09, 05:00

Re: 2014 - otsaila: Gainbehera dator dena, Chinua Achebe

MezuaNork ibon » Api 7th, '14, 06:29

Katuari arrain sunda datorkionean modura, neuri ere kuriositatea sortu zitzaidan ea egungo Nigerian zer idazten den jakiteko.

Batzuetan gogorra suertatu baliteke ere, oso gomendagarria iruditu zitzaidan Chris Abanik idatzita eta orain dela gutxi gaztelerara ekarritako Graceland liburua (ez zaitzala lodi-itxurak ikaratu, di-da batean irakurtzen da eta. Gazteleraz, liburutegiko katalogoan) eta oso gai antzekoan dirudiena (bertako baldintza gogorrak eta Estatu Batuetan begi-mira jarrita duen gazte jendearena) Chimamanda Ngozie Adichiek eskeintzen digun Amerikanah (gazteleraz, hau ere, liburutegiko katalogoan). Gracelanden antzerkiak eraldatze-indar bezala duen garrantzia agertzen da eta horren lekuko ere izan daiteke Wole Soyinka Nobel sariduna (sareko liburutegietan dauden bere liburuak).

Liburuok gazteleraz izan behar, lastima. Dena dela, hortik kuxkuxean nenbilela, oso interesgarria iruditu litzaizuekeen webgunea aurkitu dut: Afrikako literatura jorratzen duen LitERáFRica bloga, non euskarara ekarriak izan diren liburuen zerrenda ere agertzen den.


“Klubeko Liburuak”(e)ra itzuli

Nor dago konektaturik?

Erabiltzaile Ez dago izena emandako erabiltzailerik Foroan. eta gonbidatu 1 nabigatzen foroan