2014 - urtarrila: Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe

Irakurketa klubean aukeratutako liburuei buruzko eztabaidak, eritziak, iruzkinak...

Moderadorea: ibon

Erabiltzaile-irudia
ibon
Mezuak: 68
Izena emanda: Ira 29th, '09, 05:00

2014 - urtarrila: Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe

MezuaNork ibon » Urt 14th, '14, 02:44

Irudia

Urtarrilerako aukeratu dugun liburua: Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabek idatzia (liburutegiko katalogoan)

Azaleko laburpena:

Emakume baten mintzoa adituko duzu liburua zabaltzeaz batera: begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago...

Hausturak eragindako minetik ihesi, bolada baterako alde egingo du adiskide batzuek Landetan laga dioten etxera. Eta han, idazten hartuko du sosegua, bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari, idazkuntzaren zentzuari buruzko gogoetak paperera ekarri ahala.

Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira. Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da, tarteka ironiazko zertzeladez gozatua.


Literaturaren neurria eman didan irakurketa litzatekeela esan nezake.

Ta zergatik hori? Ba liburua irakurri nuenean gustatu egin zitzaidalako eta haren inguruan botatako laudorioekin bat nentorrelako. Baina, ontsu, Iban Zalduak egin zion kritika irakurri nuen, eta bertan esaten zuenagaz ere bat nentorrela konturatu nintzelako. Pertsona bera, eztabaidako alde bietan (edo hainbatetan) jar gaitzaken giza-ekimena dugu literatura, beraz. Zein handia den, eh?

Armiarmako kritiken hemerotekan, liburu honi buruz bilduta daudenen zerrenda

Erabiltzaile-irudia
ibon
Mezuak: 68
Izena emanda: Ira 29th, '09, 05:00

Re: 2014 - urtarrila: Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe

MezuaNork ibon » Urt 17th, '14, 11:43

Ba azkenean luzatu egin zitzaigun saioa (ohar mentala: hurrengo bileran denbora neurtzeko zeozer eroan. Erlojua, mugikorra, are-erlojua...) ta gustura egon ginen liburua eta egileari buruz berba egiten.

Batan bateri bizimodua era, agian gordin eta biluziegian azaltzen zigula iruditu zitzaion. Baina hala ere, liburua gustatu egin zitzaigula adostu genuen.

Bileran komentatutako ildo batzuk:

    Hasieran agertzen diren hiru aipuei buruz hitz egin genuen. Ipinitako ordenak esanahirik duela pentsatzen duzue? Ados al zaudete aipamenetan esaten direnekin. Machadok ere bertso famatu bat zuen non adierazten zuen begiaren izaera ikusteagatik datorrela emana, ez ikusia izateagatik (el ojo que ves...). Izango al luke kabidarik aipamen hauetan? Liburu honetako kristalezko begiak ikusi egiten al du hala ikusia da batez ere?

    Kristalezko begi horrek egilearengan izan lezakeen eraginari buruz ere egin genuen berba. Asko markatzen duen kontu bat izanik ere (begi bat, txo!) ez al zitzaizuen iruditzen beste galeraren batzuk (gaztatxoen kutxaren teorian aipatzen dituenak (73. or.), adibidez) hartzen dutela indar gehiago liburuan zehar? Mamografia bera (eta ematen dituen emaitzak) ere ez al da ageriago uzten? Liburuan bertan esaten zaigu bere ardatza pasio hautsi bat omen dela eta begia, bizi izandako erauzketen adierazle den sinbolo modura darabilela (86. or.) (nahiz eta gero kapitulu baten izenburuan (85. or.) metafora bat ere badela adierazi) Zer deritzozue? Zuek ere horrela ikusten al duzue? Bide batez, ze erbendintasun dago sinbolo eta metaforaren artean?

    Getxon egon zeneko bileran, liburua patchwork markodun ispilua litekeela adierazi zuen (libururan ere hori berori esaten da (100. or.)) Bere esanetan, liburu auto-erreferentzialak idazten dituzten egileek, erakutsi nahi ez duten gauzak estaltzeko tapaki modura erabiltzen dute idatzitakoa. Berak, aldiz, begia ispilu moduko konparaketan jarri du eta bertan agertzen dena erakusten du gardenki. Lortu al duela pentsatzen duzue? Iruditu al zaizue 'Autoerretratua' izeneko kapitulua (38. or.) asmo horrekin bat datorrela? Bestetik, zein litzateke bere bizian mantentzen diren pertsonekin duen erlazioa? Zelan aurkezten dizkigu bere ama (beno, edo bere familiako emakumeak (134. or.) eta bere semea, 'bere zaharrak'? Bada esaldi bat: "Amorrua debekatu behar al diogu geure buruari?" (121. or.) orain dela gitxi argitaratu den Virginia Woolfen liburua gogorarazi zidana (Gela bat norberarena, liburutegiko katalogoan). Liburua Kajsa Dahlberg artistaren interbentzioarekin argitaratu da eta "amorrua" hitza agertzen den bakoitzean, azpimarraturik dago. Deigarria suertatzen da zenbat biderrez ikus daitezkeen hitz azpimarratuak liburuan zehar.


    Iban Zalduaren kritikan liburuari preziosismorako joera handiegia antzeman duela agertzen da. Ados al zaudete horrekin? Igartzen al da eleberria poeta batek idatzia dela? Bestetik, haustura sentimental horren ondorioz egindako Landetako egonaldi hori (ez al dizue Uxue Apaolazaren liburua gogorarazten? Zein ote Zalduak adierazten duen Landetako 'azpi-genero' horren beste liburua?) "zerbait mitiko bihurtuko du"en sentipena du egileak (57. or.) Igartzen al duzue bilakaerarik bertan dagoelarik? Egia al da, gertakarietatik hausnarketetara arinegi pasatzen dela? Nabari al duzue Meabek duen idazkera 'metamorfiko' hori (berak esana da hainbat buelta ematen diela paperei, inprimatzearekin baino amaitzen ez den etengabeko hizketaldi batean) islatzen al da hori idatzitakoan (kasu, adibidez, 146. orritik aurrera, etxea gehiago beharko ez duela adierazten duen ostean, hain zuzen, eman litekeen estilo aldaketarekin). Bestetik, pasadan hilabeteko liburuarekin (Abeslari burusoilarena) komentatu genuen laugarren horma hori apurtzeko teoriekin bat etor litezken irakurleari zuzenean egiten zaizkion interpelazioak agertzen dira liburuan (12. edo 126. orrietan, adbez.) Zer iruditzen zaizkizue zuzeneko dei hauek? Gustatzen al zaizkizue? (Bada gustatu ez zaionarik).

    Liburu guztian erabiltzen dituen hitz ezohikoak (eta aberatsak) ere hizketagai bihurtu ziren. Ezin ziurtatu 'eletsutasuna' darabilenik liburuan (geuri behintzat, ez zitzaigun hainbesterako iruditu), baina bai iruditu zitzaigun aberasgarria suertatzen zela. Baliteke agian erabili (zer diot 'erabili', sarritan ezta ezagutu ere!) hitzen bat gustukoa izatea eta egunerko hizkeran sartzen saiatzea. Bestetik komentatzen hasi ginen ea idazkera soila edo bihurria den onargarriagoa, zein beharko litzateken idazlearen aukera, hizkuntzaren automatizazio prozesuetan zein onuragarriagoa... eta horrelako hainbat kontu. Esan beharra dago, Miren Agur Meabek berak adierazi zuela Plazido Mujikaren hiztegia altxor kutuntzat duela eta edonora garraiatzen duela, hortik erator litekeela aberastasun hori Ezagutzen al zenuen hiztegi hau? Honi buruzko info gehiago: 31 eskutik blogean eta Euskaltzaindiako pdf fitxategian)

Azken apunte bezala, batan batek komentatu zuen ea, M. hori ez al den egilearen izenarekin eginiko hitz-jokoren bat. Horrela, M. Agur M. litzatekeela. Pixkat korapilotsuegia iruditzen zait neuri, baina tira, bazpada hona ekartzen dut.


“Klubeko Liburuak”(e)ra itzuli

Nor dago konektaturik?

Erabiltzaile Ez dago izena emandako erabiltzailerik Foroan. eta gonbidatu 1 nabigatzen foroan