Liburuak dozena bat kontakizun labur dauzka. Kontakizun guztiak benetako gertakizunetan oinarriturik daudela diote egileak eta editoreek. Kontu gehienak nahiko sinesgarriak dira baina batzuk ez erabat.
Liburuan agertzen diren pertsonaia batzuk otso besteak uso. Denetarik: besteekin gutxi kezkatzen diren delinkuente ahaltsuak, koittauak, gizaxoak eta batez ere pertsona arruntak agertzen dira nahastuak krimen etiketa merezi duten edo merezi ez duten ekintzetan. Eta poliziak, epaileak, fiskalak eta abokatuak. (Abokatua da narratzailea, egilearekin nahasten den narratzailea).
Irakurleak azkar pasatuko ditu orriak. Esaldi laburrak, ekintza nagusi; pertsonaiak bere ekintzengatik ezagutuko ditugu. Estilo objektiboa nagusi. Pertsonaienganako narratzailearen urruntasuna batzuetan edo kariñoa askotan, biak betiere nahiko neurrikoak. Kontakizun tragikoak eta umore kutsua duten gertakizunak nahastuta.
Konturatu orduko hamabi narrazio laburrak irakurri ditut eta liburua gustatu zaidala esan behar. Ez zait liburu gogoangarria iruditu baina bai txukuna, balekoa. Gomendagarria.
