Bufa, urte osoko atsedenaldia ez da makala!
Tira, hemen berriro ea uda aurreko bi hilabete hauetan (maiatza-ekaina) irakur genitzaken libururik aukeratzen dugun.
Ziurrenik ahaztuta izango duzuenez nola doan klubaren martxa, aste pare batez zabalik izango dugu iradokizunen hari hau eta gero aste betez liburuak hautatzeko inkesta (Inkestak azpi-foroan). Komentatu didatenez, agian nahasi xamarra izan liteke hurrengo eperako liburuak aukeratzea oraindik beste bat irakurtzen zauden bitartean eta agian aldatu egingo ditugu epeen eta arauen kontu hori. Baina momentuz horrela utziko dugu.
Oraindik Hasier Etxebarriaren liburuarekin gabiltza bueltaka (gogoratzen?) eta elkarrizketa haietako azkenengo autorea falta zitzaigun irakurtzeko. Jaun-andreok, Joseba Sarrionandiaren ordua dugu oraingoan.
Hilabete gutxi dela kaleratu zuen Moroak gara behelaino artean?, baina lan mardula dugu (zazpirehun orri baino gehiagoko entsegua, aizu) ta ez dakit aukeratuko nukeen foroa berriro hasteko.
Zer deritzozue zuek? Aukeratuko zenukete? Badaezpada iradokizunen artean joatzue.
Bestetik, aspalditik neukan Lagun izoztua irakurtzeko gogoa. Orain dela gutxi, Raul Zeliken Lagun armatua gainetik irakurtzerakoan (Gobelako liburutegian, portzierto) honako iruzkina aurkitu nuen liburu honi buruz:
Sarrionandiaren Lagun izoztua eleberria, 2001ean Espainiako literatur kritikaren saria jaso zuena, ez da egundaino espainierara itzuli. Egilea ez omen da konforme argitaletxeak aurkezturiko moldaketarekin. Itzulpenik gabe, hala ere, liburua nekez alda daiteke beste hizkuntzetara. Esku bete itzultzaile baino ez dago bazter hizkuntzatik lan egin dezakeena. Hortaz, irakurle-zirukulu potentziala. agian 800.000 lagunetara mugatuta gelditzen da.
Sarrionandiaren beste hainbat liburu ere badaude, Narrazioak klasikoa, Ni ez naiz hemengoa edo Ez gara geure baitakoak, baina oraindik heldu ez diodan eta irakurtzeko grina piztu didan Kolosala izango duk proposatuko nuke baita ere. Aureko edozein (zein beste autoreren batena) iradokitzeko libre zaudete.
Bestetik, pasadan urteko azkenengo autore eta obraren hitzaldian (Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak) liburu pare baten gomendioak agertu ziren. Batetik Eider Rodriguezen Katu jendea eta bestetik Uxue Apaolazaren mea Culpa gomendatu zituen. Lertxundiren eritziz egunotan idazten direnen artean, ikuspuntu ezberdin bat aurkezten dituzten obrak omen.
Azkenik, aurtengo 111 Akademiako kideek Beterriko Liburua sarirako aukeratu duten Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak proposatuko nuke. Nahiz eta libertimendu modura idatzi zuela iruditzen zaidan, asko gustatu zitzaidan Gure Gauzak S.A. eta kontakizun hauek interesgarriak gerta litezkeela iruditzen zait.
Hona, beraz, nire bi hilabete hauetan irakurtzeko proposamenak.